Muntu antzerki taldea

Lekeitio (Bizkaia)

Duela lau bat urte sortu zen gerora “Muntu” izenarekin ezagutzera emango zen antzerki taldea. Lehenengo bi urteak esperimentazio eta formakuntza hutsera mugatu ziren. Antzerkiaren oinarrietan trebatu eta taldea egonkortzeko tartea izan zen hura. Lekeitioko ikastola Munturen umetokia izan da, Azkue ikastolako sotanoetan entsaiatzen baitu antzerki taldeak. Eta ibilbide honetan guztian taldearen formatzaile eta bideratzaile lana egin du Eneritz Artetxe antzerkilari gernikarrak.

Duela pare bat urte ordea, sorkuntzarako jauzia eman zuen taldeak “Muntu” izeneko pieza laburra taularatuz. Antzezleen testuek osatzen zuten patch work erara egituratutako pieza labur hura. Eta 2015ean aurkeztu zen Arropaineko Arraguako espazioan, bertan egindako egonaldi baten ostean.

Hasierako erakustaldi horren ostean etorri zen Durangoko azokako Eszenatokian erakutsitako lagina. Eta 2016ko KALEKA (Lekeitioko nazioarteko kale antzerki jaialdian) “Scratch” sekzioan, beste bi erakustaldi egin ziren. Horren ostean etorriko ziren Bilboko “Biba” aretoko emanaldia eta Aulestiko “Lea” espazioan egindakoa.

Une honetan, bigarren sorkuntza lanean murgilduta diardu Muntu antzerki taldeak. “Klak” izeneko lan hau ere antzezleek sortutako testuek osatzen dute nagusiki, euskal literaturari keinuren bat egiten baldin bazaio ere.
Izan ere, lanaren habiapuntua Alaine Agirreren “Birritan erditu zinen nitaz ama” liburua izan zen. Gaur egun ordea, antzezlan honen funtsa bakardade ezberdinen azaleratzea dela esan dezakegu. Dena den lanaren prozesua ez da oraindik bukatu eta auskalo nora iritziko den “Klak” eta berebaitako edukien ibilbidea.
Momentuz, bakardade ezberdinez osatutako sistema txiki bat osatzen du lanak.