Mairu antzerki taldea

Lesaka (Nafarroa)

Lesakako Mairu Antzerki Tailerra 90. hamarkadaren amaieran sortu zen Lesakan antolatu zen antzerki tailer baten ildotik. Hasierako urteetan taldeak euskaratutako S.Bequeten, Godoten esperoan edo F. Arrabalen Trizikloa bezalako lanak taularatu zituen, baina ondorengo urteetan sorkuntza propioekin lanean hasi zen. Gero taldeak bere sorkuntza lanetan eten handia eduki zuen, nahiz eta urtero Lesakan Keinu Lehioak ekimen artistikoa antolatzen aritu. Azken urteetan baina, Gaizka Sarasola taldekideak idatzitako obrek,caukera eman dio taldeari berriro elkartu eta taulara ateratzeko.

2016an Gaizka Sarasolak berak idatzi eta interpretatutako Talaka taularatu zuten. Obra hori Erleak, satorrak, beleak (EDO!, 2016) lanean publikatu zuen egileak, Lur azpikoak eta Urak ttiki dire lanekin batera. 2017an, Tantirumairu dantza taldearekin elkarlanean, Bertso atabikoak sorkuntza plazaratu zuten. 2018an Sarasolaren testu berri bat hartu zuten, Txoriak eta Zauriak, Sarasolarekin batera beste 5 lagun oholtzan agertuz. Obra estreinatu zenetik, hainbat lekutan antzeztu da, Lesaka, Bera, Elgeta, Oiartzun, Irurita… eta azkenik ERTZAK topaketaren eskutik Bizkaiko lurretaraino iritsi da, Lekeitio.