Karrika antzerki taldea

Durango (Bizkaia)

“Arratsaldeko bostak markatzen duen longitudea, asteazkenak markatzen duen latitudea, beti artizarrari begira hartzen baditugu, aurkitu dezakegun uhartea da KARRIKA. Ez jainko, ez egi absolutu, ez barkamen, ezta ordukotasunik ere.”

1998. urtean, euskal antzerkigintzak eskualdean zuen hutsuneetariko bat betetzeko asmoz, Durangoko institutuko proiektu batetik abiatuta jaio zen “Karrika Antzerki Taldea”.

20 urteko ibilbidea egin du Joxe Martin Urrutia “TXOTXE”-ren gidaritzapean. Ibilbide honetan 18 ikuskizun propio taularatu izan ditu, 10-18 aktore inguru oholtza gainean dituela eta antzokiez gain, kaleak astintzeari ekin izan dio hankapalo eta suzko dragoiekin, oinarri soziala dituen gaiak jorratuz; prostituzioa, memoria historikoa, lan prekaritatea, inmigrazioa, gazteria, kartzela,…

Faktoria-txurreria honetatik, 200 partaidetik gora igaro izan dira urte hauetan guztietan marraztutako ibilbide luzean, arte eszenikoek eskaintzen dituzten ahalik eta baliabide gehienak erabiliz, talde harremanak lantzeko, espresioan sakontzeko eta material ezberdinekin esperimentatzeko helburuarekin.

“Lurra Astinduz” obrarekin, taldeak inflexio puntu garrantzitsu bat izan zuen, izan ere Euskal Herrian zehar, plazaz plaza aritu eta ezagutzera emateko aukera izan baitzuen; Donostiako Printzipal Aretoan, Azpeitiako Euskal Antzerki jaialdian, Errenteriko Eztena antzerki astean, Deban, Elorrion, Arrasaten eta beste hainbeste antzoki zein plazatan antzeztuz.

Karrikaren obra esanguratsuenak, “Ametsen faktoria” (2008), “Hau ez da Kalkuta” (2010), “Lurra Astinduz” (2012), “Inungane” (2013) eta ”Deshakespeareazioa”(2017-2018) izan dira.