Blog

ERTZAK

ERTZAK_web

Euskal eszenarentzako leiho bat

2019ko Ibilaldiaren leloak esaten duen moduan, ikastolak bere proposamena haratzago zabaltzeko asmoa dauka aurten. Ibilaldia pasata ere, bere martxa jarraituko duten proiektuak bultzatzeko aukera bat izan daiteke-eta Ibilaldia. Asmo horren barruan jaio da Ertzak proiektua. Izan ere, hainbat denbora kajoi baten barruan sartuta egon ondoren, Ibilaldiaren bultzadari esker martxan jarri ahal izan da zirkuitu profesional arruntetatik kanpo egiten diren antzerkiak batzea asmo duen proiektua.

Euskaraz egiten den teatroa anitza da eta geruza ugaritan bana daiteke. Eta aniztasun horretan, hainbat eta hainbat ertz aurki daitezke: Antzerkia zaletasunetik egiten duten taldeak, proposamen bereziak plazaratu nahi dituztenak, espazio edo formatu arruntetatik haratzago joan nahi dutenak, edo, besterik gabe, bideak egiten hasteko espazioak behar dituzten dinamikak… Antzerkia zirkuitu konbentzionaletatik kanpo bizi dutenentzako harremanak egiteko sareen falta badago Euskal Herrian. Asko sortzen da, baina, falta dira bizipen horiek elkarbanatzeko espazioak.

Ideia horri tiraka, Xabier Arratek proiektu bat idatzi zuen Muntu antzerki taldearen babespean. Ibilaldiak, ekintzaz jositako urte bat izatetik haratzago joan nahi duenez, tokiko garapena ekarri dezaketen proiektuak bultzatzeko asmoa dauka. Hartara, Ertzak, herrian sortu eta geratzeko asmoa duen proiektua izanik, garapen kulturala bultzatzeko aukera ezin hobea zela iritzi zion Ibilaldiak, eta martxan jartzeko aukera eman.

Aurtengo edizioan, Ertzak proiektua, Martxoak 29 eta 31 bitartean egingo diren antzerki topaketa batzuekin jaioko da. Euskal Herri osotik hurbilduko diren antzerki talde edo bakarlarien erakusleiho bat izango da. Zazpi antzerki obra, bi tailer eta mahai-inguru bat aurkeztuko dira lehen urte honetan. Pasaia, Lesaka, Tolosa, Durango eta Donostiatik etorritako talde eta bakarlariak ikusi ahal izango ditugu antzerkizaleen taldean. Talde guzti hauen anfitrioi lana egingo ditu herriko Muntu antzerki taldeak ere, eta sorkuntza prozesuan dagoen lan bat eskainiko du.  Hauekin batera Ze Onda taldeak, “Heriotza bikoitza” antzezlana ere taularatuko digute, Jon Ander Alonsoren zuzendaritzapean, eta Eneko Sagardoy eta Miren Gaztañaga aktoreekin.

Antzerki obrez gain, Arropaineko Arraguarekin elkarlanean, Olatz de Andres koreografoak “Mugimendua eta ukimena” izenburupeko tailerra eskeiniko du, eta Leire Salamanka argi teknikariak antzerkirako oinarrizko argiztapen tailer bat dinamizatuko du. Tailer hauez gain, Euskal Herriko Antzerkizale elkartearekin elkarlanean “Teatro Geruzak” izenburupeko mahai-ingurua ere eskainiko da, euskal antzerkiko izen bereziekin batera.

Informazio hau guztia sakontzeko, ertzak.eus web orria jarri da martxan, eta baita facebook eta instagrameko perfilak ere.

Write a comment